Amaitu berri da museoen Kongresuaren X. edizioa. Kongresua urtero antolatzen dute UPV/EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak, Oiasso Museoak eta Donostiako San Telmo Museoak, beste laguntzaile batzuen artean.

Aurten, berriro ere, EHUko Filosofia eta Hezkuntza Zientzien Fakultateak esparru hau eskaintzen digu museoen jardunarekin zerikusia duten gaurkotasuneko gaien inguruan elkartu eta gogoeta egiteko. Erakusketa berriak, aldi baterakoak nahiz iraunkorrak, taxutzeko garaian museoetan gertatzen ari diren aldaketetan oinarritu da Kongresuaren X. edizio hau.

Zerk du garrantzia? Zerk hartu du pisu handiagoa garai hauetan? Zeri eta nortzuei erantzuten ari gara museoetatik? Zer eragin izaten ari da kulturaren demokratizazioa museoen jardunean?

Hala, kongresu horretan, zer erakutsi eta nola erakutsi izango ditugu hizpide. Hau da, erakusketa-programa eta erantzun formala. Bi hausnarketa partekatu nahi nituzke, gai honen inguruan garrantzizkoak iruditzen zaizkidanak:

1- Museoak kultur ondare materiala babesten du: objektuak, alegia.

Objektuek iradokitzeko duten ahalmenaz ari naiz, objektu berezi eta bakan horiez, testigantza gisa duten balioaz eta, nire iritziz, garai hauetan, museografia handinahi batek ehortzitakoez, objektua bera zapaldu duenak era guztietako baliabideak gehitzean: murgiltzeko diren guneak, eszenografiak,teknologia, funtsik gabeko interaktibitatea, objektuak berak interpretatzea ahaztu zaiona. Hortaz, aldarrikatu egiten dut komisarioen, kontserbatzaileen, bitartekarien, museografoen eta arkitektoen arteko ezinbesteko elkarrizketa.

2- Aurrekoarekin kontraesanean beharbada. Publiko gehienak ez dira etortzen objektuak ikustera. Gai zehatz bati buruzko erakusketak ikustera etortzen dira. Gozatzea eta ikastea da haien asmoa, zentzumen guztiak piztuko dizkien gune batean zehar ibiltzean. Hau da, ikasteko gune bilakatzen da museoa, non bisitariarekiko esperimentazioak eta harremanak protagonismo nabarmena hartzen duten. Era horretan ahalegindu behar izaten dugu gune diskurtsiboak sortzen, hitzak, objektuek, eszenaratzeak, soinuak, irudiak eta teknologiak lotura orekatu bat izatea lortu arte, bisitariari ikusezina den horretara iristeko aukera emateko, hain zuzen ere. Objektuek ezkutuan duten horretara. Horrek ere eramango gintuzke ondokoa birpentsatzera: Zer biltzen dugu? Alderdi horrek, ordea, gainditu egiten ditu kongresu honen helburuak eta beste edizio batzuetarako utzi behar izango dugu…

 

Cristina Aguirre

X. Kongresua: Zer eta nola erakutsi Museoetan eta Ondarearen guneetan

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *