Asteburu honetan Ondarebiziatik Valladolidera joan gara, Ondarearen Zaharberritzeari eta Kudeaketari buruzko AR&PA Bienalera. Gaztela eta Leongo Juntak antolatutako elkargune eta eztabaidagune bat da, 1998az geroztik publiko orokorra nahiz sektoreko profesionalak biltzen dituena kultur ondarearen inguruko arlo desberdinei heltzeko: kontserbazioa, babesa, azterlana, zaharberritzea, esku-hartzea, interpretazioa, kudeaketa eta hedapena.

Aurtengo edizioak, IX.ak, “Gizartea eta Ondarea” izenburuaren pean, ekimen desberdinak bildu ditu sektore bizi bat aditzera eman nahian, garatzen ari dena eta lan-eremu desberdinetara irekia.

Ondare historiko materialean eta Zaharberritzearen arloan arreta berezia jarri den jardunaldi horretan faltan bota izan ditugu beste begirada batzuk, irekiagoak eta eguneratuak, Ondare kontzeptuaren inguruan, baita aipamen esplizituago bat ere Ondarearen eta Gizartearen arteko harremanari buruz (hezkuntza, publikoak…), eta baita hain ofizialak ez diren beste ahots eta diskurtso batzuk ere. Hala eta guztiz ere, elkargune egoki bat da proiektuak eta jardunak ezagutzeko, ideiak eta errealitateak alderatzeko, sektoreak gaur egun dituen erronken inguruan eztabaidatzeko…

Gainera, “ekitaldi handia” formatuak aukera ematen du gune bakar batean publiko desberdinak elkartzeko: familiak, ikasleak, profesionalak, enpresak… Eta itxurazko sakabanatze hori konpondu egiten da ibilbide espezifikoak eskaintzean eta gune desberdinak gaitzean, egun osoan zehar askotariko programazioa eskaintzen dutenak: hitzaldiak, teknika artistikoen lantegiak, zaharberritze-lantegiak, erakustokiak (turismoa, IKT aplikazioetako enpresak eta abar)…

arpa

Edizio honek bildu dituen ekimen desberdinak:

AR&PA Azoka: erakustokiak kultur ondarearen inguruko proiektuekin eta ekimenekin.

AR&PA Nazioarteko Kongresua. 2014. Gizartea eta Ondarea.

AR&PA Foroa. Aurkezpenak eta Jardunaldi Teknikoak, kultur ondarearen gaineko esku-hartzeak aztertu eta ebaluatzeko.

AR&PA Berrikuntza, kultur ondareari aplikatutako I+G+b proiektuak azaltzeko.

AR&PA Gizartean: AR&PA Ekimenak, AR&PA Familian, AR&PA Denontzat eta AR&PAk Irekia, gizarte-programak, gizarteari oro har eta txikienei eta desgaitasun desberdinak dituzten pertsonei bereziki ondarea hurbiltzen dietenak.

AR&PA Sariak Kultur Ondarearen Zaharberritze eta Esku-hartzeari.

Nabarmentzekoa da AR&PA Berrikuntza programa, Tecnalia Research & Innovation-ekin eta Fundación Cartif-ekin lankidetzan antolatua, kultur ondareari aplikatutako I+G+b proiektuak azaltzeko. Esparru horretan, bereziki interesgarriak iruditu zitzaizkigun Evoch mintegiak, eta zehazki Europak finantzatutako proiektuei eta programei heltzen ziena.

Hemen dituzue zenbait esteka aurkeztutako proiektuetako batzuetara, baita saioetan aipatu izan ziren Europako programa batzuetara ere.

Proiektuak:

e-Create. IKTak eta kultur ondarea

HiTsCAPE: Ondare historikoaren babes eta kudeaketa iraunkorra Europako landa-ingurunean.

Europako programak:

Europa Sortzailea

Lurralde arteko lankidetza: Poctefa ( Espainia-Frantzia-Andorra) / Poctep (Espainia-Portugal)

Nabarmentzekoa ere bai boluntarioei eta kultur ondareari eskainitako mintegia, helburutzat hartuta, batetik, kultur ondarearen inguruko elkartegintza definitzea eta boluntarioen funtzioak, helburuak eta motibazioak identifikatzea eta, bestetik, herritarren eta instituzioen arteko boluntarioen bitartekaritza eta kontziliazioa aldarrikatzea.

Gehien errepikatutako mezua hauxe izan zen, ondarea ezagutzeak duen garrantziari buruzko sentsibilizazioa eta eremu horretan boluntarioek egiten duten lanaren garrantzia.

***

AR&PA Gaztela eta Leongo Kultur Ondarearen Planaren barruan kokatzen den ekimen bat da.

 

M.Font

Ondarebizia Ondarearen Zaharberritzeari eta Kudeaketari buruzko AR&PA Bienalean

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *