Duela gutxi, Museo parte-hartzaileak lantegian izan ginen, eta bertan Co-Creating Cultures-eko lagunek azaldu ziguten museoen eta publikoen artean elkarrekin ibiltzeko eta parte hartuz esperimentatzeko bide luzea geratzen zela oraindik egiteko. Argi geratu zen guretzat museoetatik aurrera eramaten ditugun proiektuak oinarrizko galderetatik abiatuta planteatu daitezkeela, gutxi gorabehera denok kontuan hartzen ditugun horietatik: zer, zergatik, zertarako, norentzat, norekin… Bazirudien paper gainean eta erabiltzen ditugun beste hainbat baliabiderekin ez zela hain zaila parte hartzeko, batera sortzeko prozesu horiek planteatzea. Imajinatzen aritu ginen eta dibertigarria iruditu zitzaigun gainera, eta… Zergatik ez benetako zerbait edo egin daitekeen zerbait bilakatu?

Irudimenetik motibaziora, ilusiotik ahaleginetara, horrek eraman du Elegante Eguna proiektua, Zumalakarregi Museoak antolatua, arlo honetako jardun egokien erreferentzia izatera.

Gure ikuspegitik, Elegante Eguna proiektua lantegi horretan taxutu eta eraikitzen jardun genuen horren adibide bat da. Parte hartzeko proiektu bat da, kontatzea merezi duena, ezagutzera emateko ez ezik, aztertzeko eta ikasteko ere posible dela museotik bertatik, eta aldi berean museotik irtenda, herritarrekin parte hartzeko benetako prozesuak abian jartzea.

Has gaitezen hasieratik…

Elegante Eguna urtero ospatzen den jai bat da, aspaldi honetan Ormaiztegiko jaien esparruan, azaroan, ospatu ohi dena. 2012an, Elegante Egunak XIX. mendera bidaiatzea planteatu zuen Zumalakarregi Museoak. Urte hartan, ekimena hauxe izan zen, ormaiztegiarrei erakustea nola burutu daitekeen jardunaldi bat, eta garai hartako jantzien irudiak proiektatu ziren bertan.

——–

Kasu horretan, ezagutza eskaintzen zen Museotik, herritarren artean ondarearen balioari buruzko interesa eta sentsibilizazioa pizteko beharrezkoa.

——–

Urtebete geroago, hurrengo pausoa izan zen ingurunean modu aktiboago batean bultzatzea aldez aurreko jarrera bat. Museotik, Elegante Eguna 2013rako euren jantzi Eduardiarrak sortzea proposatu zitzaien ormaiztegiarrei.

——-

Kasu horretan, museoak helburu argi bat planteatu zien interesatu guztiei, eta emaitza nabarmena izan zuen. Garrantzizkoa da hori, batzuetan parte hartzeko deia egiteko joera izan ohi baitugu, zertarako ondo ikusten ez delarik.

——-

Deialdiaren azken emaitza izan zen 40 bat pertsonak parte hartu zutela Elegante Egunean, XIX. mendeko jantziekin desfile bat eginez. Prozesu horretan, ordea, emaitza ez ezik, emaitza horretara heltzeko egindako bide osoa ere izan zen interesgarria.

2013ko martxotik elkargune iraunkor batzuei ekin zitzaien; joskintza-lantegi bat besteren artean, non interesatuek josi eta ezagutzak, trikimailuak eta ehunak trukatu zituzten, eta baita arratsalde partean tea hartu ere.

Parte hartzeko prozesuak jarraitasuna izan zuen, ekimenak piztutako interesa parte-hartzaileen artean handitu ahala,eta baita parte-hartzen ez zutenen artean ere. Bai Ormaiztegiko bai inguruko jostunak, historiako aholkulariak, partikularrak eta udalerriko boluntarioak, Udala eta beste hainbat pertsona sartu ziren proiektuan.

——–

Une hartan, museoaren interesekoak ziren beste eragile batzuk ere biltzeari ekin zion parte hartzeko prozesuak. Gutxika, konplize bilakatu eta proiektua sendotzen lagunduko zuten denek.

——-

2014an, aurreko edizioak ebaluatu ondoren, parte-hartzea bideratzeko eta indartzeko moduari buruzko hausnarketa bat egitea proposatu zuen museoak, baita udalerriko pertsona gehiagorengana iristea ere.

———

Hala, esparru horretan erabaki zen abian jartzea parte-hartzea udalerritik bertatik, oraingo edizio hau bideratzeko modua planteatzeko unetik hasita.

——-

Ekainean, bilera baterako dei egin zuen Museoak, hain zuzen ere horretaz guztiaz hitz egiteko, ideiak aurkeztu eta trukatzeko, proposamenak biltzeko, parte-hartzaile leialekin berriro elkartzeko eta iritsi berriei ongietorria egiteko.

——-

Prozesuaren une horretan ikusi genuen nola ari den proiektua norabide desberdinetatik hazten. Batetik, antolatzaileek bermatu egin dute beren kudeaketa, eta erronka berriak planteatzen dira; bestetik, lotura afektiboak sortzen hasi dira proiektuaren inguruan, barrutik ez ezik, kanpotik ere.

——-

Une horretara iritsita, udalerriko pertsona gehiago, saltokiak, elkarteak eta beste erakunde batzuk tartean sartzea da museoaren asmoa, proiektu hau eurena den zerbait, taldearena den zerbait bezala bizi eta sentitzeko.

Harrezkero, ekimen desberdinak jarri dira abian, aldi berean garatzen doanaz.

Batetik, Jantzien Eskuliburu baten edizioa prestatzeari ekin zitzaion, udalerriko jaiak hasi aurretik banatzeko. Eskuliburuaren asmoa da, lagin modura, tresna bat izatea inspirazio-iturri izateko parte-hartzaileek euren jantziak sortzeko. Aldi berean, argitalpen bikaina da, garai hartako moda irudikatu eta ulertzen laguntzen diguna.

Lan horrekin batera, Museoaren web-orrian baliabide digital batzuk daude XIX. mendeko modaren eta usadioen hastapenak ulertzen laguntzen dizkigutenak.

Hurrengo ekimena osagarrien ikastaro bat antolatzea izan da. Ikastaro horretara profesionalak gonbidatu ditugu ikastaroa ematera eta parte-hartzaileekin eta antolatzaileekin joskintzan orduak partekatzera.

Proiektuak, aurrerapauso bat gehiago emanda, azaroaren 22ko Elegante Eguna 2014 ospatzen jarraitzen du…

M. Font

Elegante Eguna, Parte Hartzeko Proiektua

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *