Nire buruari galdetzen diot: Zer gertatuko litzateke geldoago lan egingo bagenu? Eta gutxiago baina hobeto egingo bagenu? Ondo legoke asti gehiago izatea esperimentatzeko, huts egiteko, asimilatzeko, hausnartzeko, barne hartzeko…

Egiten al dugu halakorik?

Nire buruari galdetzen diot: Ez ote da izango gizarte honetan ez dela errentagarria geldotasuna?

Bizi garen gizartea gero eta anitzagoa eta aldakorragoa da, hori argi dago. Gainera, errealitate likido honetan, etengabe mugitu eta abiaduraren garaiei lotuta dagoen honetan, ez gara zain egoten, aurrera egiten dugu beti. Berandu iristen gara edo berandu iritsi izanaren ideia eratzen dugu adimenean. Museoetan ere, berdintsu dirudi. Ez dago astirik aldaketak asimilatzeko.

Nire buruari galdetzen diot: Baina zer sortzeko egiten dugu lan? Kultura! A! Norentzat?

***

Asierrek, Zuriñek eta Elisak honela eman zioten hasiera saioari, desgaitasuna duten pertsonen berdintasun-aukerak mahai gainean jarriz eta, beraz, irisgarritasuna eskubide bat dela defendatuz.

Eta eskubide horretan sartzen da kulturarako sarbidea, Giza Eskubideei buruzko Adierazpen Unibertsalean jasoa.

Jardunaldietan zehar, aukera-berdintasuna aldarrikatu nahi izan dugu, nolabait ere, gure erara; kasu honetan, pertsona guztiek kultur bizitzarako aukera berdinak izatea. Oraindik ez da tautologia bat kultura inklusiboaz hitz egitea; momentuz, horrela esanda, beharrezko zerbait da.

Desgaitasunaren ikusmolde berri horretatik abiatuta, Asierrek eta Zuriñek oso ideia argi bat aditzera eman ziguten, aurreko hausnarketa agerian uzten duena: ingurunea da desgaitzen duena. Hortaz, ikuspegi horren aurrean, gure esku dago jardun ahal izango dugun gune horiek aldaraztea, bazterketari azkena emateko.

Argiago esanda, edo guk ulertzen dugunaren arabera, borondateaz eta konpromisoaz ari gara… Eta dirudiena baino zailagoa da. Zaila da kultur erakunde bat inklusioaren eta irisgarritasunaren kulturaz blaitzea. Baliteke oso estrategia ikusgarria ez izatea, baliteke epe labur/ertainean inpakturik ez izatea, ez baita ikusten. Eskubide bat da, ordea.

Jarraitzen dugu. Erakundearen kudeaketa estrategikoaren barruan irisgarritasuna planteatzeaz ere hitz egin ziguten Bask for all-eko lagunek. Irisgarritasuna benetan baita kalitate-irizpide bat, balio erantsi argia ematen diguna. Pertsona orok izango dugu gure bizialdian zehar desgaitasun iragankorren bat. “Pertsona normala” ez da existitzen.

Museoan oinarrituz. Nondik hasiko gara? Edo jarraitzen dugu? Lehenik eta behin, gure irisgarritasun-katea berrikustea. Museoak igortzen duen aldez aurreko informaziotik, bere mezuetatik, eta bere beste zerbitzu batzuek igortzen dituzten mezuetatik (saioan kideren batek preskriptoreez hitz egin zuen) hasita, alderdi hauetaraino: nola iritsi, nola sartu, harrera-zerbitzuak, arreta-zerbitzuak, laguntzakoak, espazioak eta zirkulazioa, seinaleak, edukiak, zerbitzu osagarriak, segurtasuna eta abar.

Adi, ordea, oraingoz informatu egiten du. Duzuna zer den eta nola duzun esaten dizu. Irisgarria al da zure museoa? Ez baldin bada, ez ezazu asmatu itxura ona eman nahian. Aholkatzen gaituztenez, ezinbestekoa da INFORMAZIOA ondo transmititzea. Hortik has gaitezen. Eta gutxika joango gara sartzen lehentasunetan eta ekintzetan. Izan gaitezen sortzaile, aholkatzen gaituzte, badira neurriak hain garesti ez direnak.

Ondorioa: Egoera ebaluatzea + Gabeziak ezagutzea + Oztopoak murriztea, ahal den neurrian zentzuz, sormenez eta jarrera positibo batez.

Bertaratuen artean eztabaida labur eta interesgarri bati ekin zitzaion. Museoetako prezioen politiken gaiari heldu genion. Eskaintzen diren zerbitzuek kalitate bera bermatzen ez badute pertsona guztientzat berdin, horren arabera, desgaitasuna duten pertsonek doan izan behar dute sarrera, edo prezio murriztuan. Auzigai horren inguruan, beste batzuen iritziz, baldin eta normalizazioa lortu nahi bada, zergatik izan behar dute prezioek desberdinak.

“Bereizketaren” ildo horri jarraituta, premia espezifikoak dituzten publiko”-entzat” jarduerak egitearen gaiari heltzen diogu. Normalizazioaren alde, ez al da logikoagoa “konpartimentu” estankoak ez sortzea? Eta jarduerak “norentzat”?

Jarraituko du…

[/su_carousel

JARDUNALDIETAKO HAUSNARKETAK

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *