ONDARE HEZKUNTZA

Ondarebiziak ondarea zaintzeko eta baliabide aktibo gisa duen balioa nabarmentzeko sentsibilizazioak eta ondare-hezkuntzak duten garrantzia hartzen du abiaburutzat. Ondarea ulertzeko, ezagutzeko eta sinbolikoki gure egiteko, zaindu egin beharra dago, eta duen balioa nabarmendu. Aldi berean, ondareaz gozatzeak ziurtatu egiten du transmititu egingo dela belaunaldiz belaunaldi.

Eremu horren barruan programak jartzen dira abian, hezkuntza formalaren eta ez formalaren esparruan parte-hartzaile desberdinei zuzenduak: hezkuntza-komunitatea, familiak, erakunde sozialak eta abar.

SEKTORE PROFESIONALARI IREKITAKO PLATAFORMA SAIO IREKIA

Benetako lan-sareak sortzea, baterako ekintza komunitarioak abiaraztea, eta sektoreko eragileen arteko truke- eta prestakuntza-guneak eraikitzea gauzatu egin daitezkeen xedeak dira, baldin eta aurretik xede horietarako beharrezko baldintzak sortzen badira. Ondarebiziak ekintzen sorkuntzan sakondu nahi du, baina baita baldintzen eta prozesuen sorkuntzan ere, horien ondorioz sortu ahal izango baitira esperientzia berriak.

Horretarako, Saio Irekiak burutzen dituen ekintzek eta praktikek hausnarketarako guneak irekitzen dituzte sektorearentzat interesgarriak diren gaiei buruz. Hainbat elkarguneren bitartez heltzen zaie gaiei, bestelako egoerak eta elkarrizketak proposatzen dituzten horien bitartez. Workshop, solasaldi, bisita profesional, elkarraldi… formatuko saio irekiak dira, interesatuta dauden profesionalei zuzenduak.

BERRIKUNTZA

Ondarearen eta beste diziplina eta eremu batzuen arteko harreman-mota berriak aztertzen dituen gunea. Laborategi aktibo bat da, prototipoak eta programak sustatzen dituena, lan-lerro eta lan-prozesu berriak sorrarazteko.

Lerro horren barruan, proiektuak burutzen dira beste eragile, elkarte, erakunde eta profesional batzuekin elkarlanean, elkarrekin batera euren ezagutza eskaini eta ezagutza berriak sorrarazteko.