Joan den urrian, 2016an, Ondarebizia argazki lehiaketaren hirugarren edizioa atera genuen, Ondareari Begira programaren barruan, begirada berriak sustatzea, gure errealitateak behatu, eraldatu, birsortu eta berpiztea helburu hartuta, kultur ondareari buruzko esanahi berriak sorraraztearren.

Edizio honetako gaia Ondare Berrerabilia izan da. Ondare desberdinen (arkitektonikoa, industriala, immateriala…) erabileretan eta berrerabileretan jarri nahi izan dugu arreta, eta ez hainbeste ondareari kategoriak edo etiketak ezartzen. Labur esanda, ondareari gizarteak ematen dion erabilerari buruz hausnartzea da helburua, ondare horren jatorrizko erabilera galdu edo beste erabilera batzuetarako aldatu denean. Hausnarketa horretan ez erabilerak ere hartu dira kontuan, hain zuzen ere baztertutako ondareetan, beste inolako modutan berriro bizitza hartuko ez dutenetan.

65 argazki jaso ditugu, 35 parte-hartzailerengandik guztira. Parte-hartzaile gehienak gipuzkoarrak izan dira, nahiz eta beste autonomia erkidego batzuetatik ere jaso izan ditugun, Madriletik, Kantabriatik, Granadatik, Palmatik (Mallorca)… baita Parisetik ere!

Argazkiak bitan bozkatu dira. Lehenik epaimahai profesionalak eta bigarren herri-epaimahaiak.

Epaimahai profesionalak, IVASFOTeko Elena Barruetak eta Gipuzkoako Argazkilarien Elkarteko Julio Tejadasek osatuak, ondoko sariak eman zituen:

– Lehen saria: “Concierto en la cantera”, Pepe Tomás-ena (Granada)

Argazkiaren gaia balioetsi du epaimahaiak, harrobi batean emandako kontzertu bat irudikatzen duena; ondarearen erabilera sozialaren adibide argi bat.

Teknikari dagokionez, argazkian ondo zehaztutako ardatzak nabarmendu zituen.

Pepe Tomas

– Bigarren saria: “La Alhóndiga”, Javier Fernández-ena (Castro-Urdiales)

Argazki honetatik, bertan jasotako unearen egokitasuna balioetsi zuen epaimahaiak, lehiaketaren gaiarekin erabat lotuta.

Javier Fernández

2016ko abenduaren 14an argazki irabazleak erabakitzeko egindako bileran, biak etorri ziren bat aurkeztutako argazkien maila ona adieraztean.

Bestalde, herri-epaimahaiak, Museum Cemento Rezolako eta Oiasso Museoko bisitariek osatuak –3 astez egon dira argazkiak ikusgai bi museoetan–, ondoko sariak eman ditu:

– Lehen saria: “Igartza”, Carlos Mediavilla-rena (Urretxu)

Carlos Mediavilla

– Bigarren saria: “Siéntate”, Manu Barreiro-rena (Beasain)

Manu Barreiro

Berriro ere, zorionak eman nahi dizkiegu edizio honetako saridunei eta eskerrak eman ere parte-hartzaile guztiei.

Datorren ediziora arte!

Ondareari Begira III. Argazki Lehiaketa. Argazki Saridunak

Leave a Reply

Your email address will not be published. Required fields are marked *